
On Joseba Segura Bilboko gotzain izendatu dabe
Maiatzaren 11ko eguerdiko hamabietan agertzera emon zen aldi berean Erroma eta Bilbon, On Joseba Segura Etxezarraga Bilboko gotzain izendatzeko Frantzisko Aita Santuaren erabagia. Gaur egun Eleizbarrutiko gotzain administratzaile dana Bilboko gotzain karguaz jabetzeko eleizkizuna datorren uztailaren 3an ospatuko da, goizeko hamaiketan, Bizkaiko uriburuko Santiago Apostolua katedralean. Izendapena jakitera emoteaz batera, On Joseba Segura gotzainak Eleizbarrutiari agurra luzatu deutso, bere nahia azalduz: “itxaroten dodana, eta denporaren buruan ikusiko da, nire izendapena barri ona izatea, ez niretzat, beti neurea izan dan eta orain gotzain lez hartzen nauan sinistedunen alkarte honentzat baino”. Gaur, ordu batean, agerraldi publikoa egingo dau komunikabideen aurrean, Begoñako Gogarte Etxean eta zuzenean jarraitu ahal izango da www.bizkeliza.org eleizbarrutiaren webaren bitartez.
2020.eko abenduaren 5ean On Mario Izeta gotzaina Burgoseko artzapezpiku karguaz jabetu zanetik, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain laguntzaile administratzaile izan da “gotzain-aulkia hutsik” dagoan aldirako. Datorren uztailaren 3an, 1950ean Eleizbarrutia sortu zanetik, Bilboko zazpigarren gotzain bihurtuko da.
Gotzain hautatuak Errekalde auzo “herrikoian” sortu zala aitatzen dau mezuaren hasieran. Bizkaiko Eleiza “honegaz” estu lotuta dagoala nabarmendu dau eta bere aurretik bertako gotzain izan zan On Mario lez, bertan jaio zala federa.
On Joseba Segurak esker ona adierazo deutso Aita Santuari berarengan jarri dauan konfiantzagaitik eta, hori esateaz batera, “ez da txaloak jasoteko eta duintasunetan pozteko sasoia” adierazo dau. Inguruan eta gizarte europarrean bizi dogun egoera azpimarratu dau, “eraldaketa sakon eta bizkorra bizi” dala eta “aldaketa horreek gure Eleizari aurkezten deutsiezan erronketako asko eta asko gero eta zorrotzago dala”.
Eskerrak emon deutsaz gero Jainkoari, makina bat esperientzia, hartu-emon eta topaketa bizitzeko aukera emon deutsalako eta guzti horreek, etorkizunari begira, “gauzak hobeto egiteko” lagungarri izan daitekezalako.
Mezuaren amaieran, laguntza eskatu deutso alkarteari “Jesusen bihotz garden eta zabalaren antzeko dan bihotza izateko gogo biziz” jardun daian. On Joseba Segurak autortu dauanez, ez dago larrituta, “honaino ekarri nauan” Kristoren eskuetan dagoalako eta eskaria egin deutso “gure Eleiza babesten eta zaintzen dauan” Begoñako Amatxuri be, bera be babestu eta zaindu daian.
Biografia
Bilboko Errekalde auzoan jaio zan eta atzo, maiatzak 10, 63 urte bete ebazan. 1985.eko urtarrilaren 4an egin zan abade. Barakaldon jardun eban lehenengo aldiz abade lez San Jose parrokiako abade lagunkide lez (1985-91) eta San Bizente, San Jose eta Itxaropenaren Ama parrokietako abadeen taldeko kide (1991-02). Psikologian lizentziaduna (1983) eta Teologian doktorea (1989) Deustuko Unibertsitatetik. 1992 eta 1996 bitartean, Ekonomian Masterra egin eban Estatu Batuetako Boston College dalakoan. 1996an, Caritaseko gotzain ordezkari, Gizarte Pastoraltzarako ordezkari eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide izendatu eben eta aldi horretan (1996-2006), laguntzaile be izan zan San Inazio, Deustuko San Joan Apostolua eta Elorrietako San Jose parrokietan.
Hamabi urtez egon zan Misinoetan Ekuadorren (2006-2017), han hainbat erantzukizun betez, eta Bilbora bueltatu zanean, Otxarkoaga-Txurdinaga Pastoral Barrutiko parroko izendatu eben eta, 2018ko irailean, Bilboko Eleizbarrutiko bikario nagusi. 2019.eko otsailaren 12an izendatu eben Gotzain laguntzaile eta 2019.eko apirilaren 6an gotzain ordenatu zan Bilboko Katedralean. Espainiako Gotzainen Batzarrean, Ekonomia Batzordeko kide da 2020tik aurrera. Misinoetarako eta Eleizen arteko Lankidetzarako Gotzain Batzordeko kide be bada eta 2019.eko abenduaren 5etik Bilboko Eleizbarrutiko gotzain administratzaile izan da.